Esne Bidea

1. Astron.

Eguzki-sistema dagoen galaxia. Galaxia kiribila da eta hiru beso ditu. Eguzki-sistema beso batean dago, galaxiaren nukleotik 26.000 argi-urteko distantzian. Lurretik ikusita, zeruko esferaren inguru osoa hartzen duen banda zurixka eta zirriborrotsua da.

Esne Bidea, Lurretik begiratuta. Izar-bide hori gure galaxiaren zentroa da
Esne Bidea, Lurretik begiratuta. Izar-bide hori gure galaxiaren zentroa da

1. Astron.
Eguzki-sistema dagoen galaxia. Galaxia kiribila da eta hiru beso ditu. Eguzki-sistema beso batean dago, galaxiaren nukleotik 26.000 argi-urteko distantzian. Lurretik ikusita, zeruko esferaren inguru osoa hartzen duen banda zurixka eta zirriborrotsua da.

Esne Bidea Edit

Egilea: Jon Legarreta

ESNE BIDEA

Eguzki-sistema, beste 150.000 milioi izar-sistemekin batera, Esne Bidea izeneko galaxian dago. Esne Bidea izena hartu zuen zeruan agertzen duen argi ahul eta “esne-bide” itxuragatik. Izena antzinako grekoek eman zioten, Juno jainkosari bere semea Herkulesi titia ematen ari zitzaiola eroritako esne-tantek osatzen zutela uste zutelako.

grafikoak1

Esne Bidea, Lurretik begiratuta. Izar-bide hori gure galaxiaren zentroa da (iturria: http://www.flickr.com/photos/jurvetson)

Gure galaxiak 100.000 argi-urteko luzera du eta 10.000 argi-urteko zabalera, eta erdiko eremuak, galaxia-erraboilak, 16.000 argi-urteko lodiera. Esne Bidea galaxia kiribila edo espirala da, zehatzago esanda espiral barraduna, bere besoak galaxiaren erditik irten beharrean albo batetik bestera zabaltzen den barra batetik irteten direlako. Azken ikerketen arabera —Spitzer teleskopio espazialarekin egindakoak—, gure galaxiak bi beso nagusi ditu, Scutum-Centaurus besoa eta Perseus besoa. Erdiko barra horren inguruan, beste bi beso txiki ditu, hurbilekoa (Near Arm) eta urrunekoa (Far Arm), galaxiaren zentrotik 3 kiloparsec-era. Gainera, beste hiru beso txikiago ditu, Norma, Sagittarius eta Outer (kanpokoa), eta banandutako ezproi bat, Oriongo ezproia, (guretzat) oso garrantzitsua dena, bertan gure eguzki-sistema dagoelako.

grafikoak2

Esne Bidearen erdigunea, NASAren Spitzer espazio-teleskopiotik ikusita (iturria: NASA)

Eguzki-sistema Esne Bidearen zentrotik 26.000 argi-urtera dago, eta 225 milioi urtean behin bira bat ematen dio galaxiaren zentroari, 270 km/s-ko abiadurarekin.

Galaxia hiru zati nagusi hauetan banatzen da:

  • Erraboila edo nukleo galaktikoa galaxiaren erdian dago, eta galaxia osoko izar-dentsitate handiena biltzen da hor. Erraboilean dauden izarrak zaharrak dira eta metaletan aberatsak. Gure galaxiaren erdian zulo beltz bat dago, eta Eguzkiaren masaren halako 2,6 milioi inguruko masa du.

  • Disko galaktikoa izar gazteez osatua dago batez ere, eta hor izarren sorrera-prozesuak gertatzen dira oraindik. Disko galaktikoan kokatzen dira lehen aipatutako beso espiralak. Diskoa erraboilari lotuta dago, 3,9 kiloparsec luze den barra baten bidez.

  • Haloa esferoide itxurako egitura bat da, eta galaxia osoa inguratzen du. Izar zaharrak daude hor, metaleetan txiroak direnak. Izar-dentsitatea oso txikia da, eta kumulu globular gehienak daude hor. Egitura horiek galaxia sortu zen garaikoak dira; orduan, kolapsatzen ari zen gas-hodei handi bat zen galaxia, eta diskoa etengabe hedatzen ari zen.

Esne Bidea Talde Lokal gisa ezagutzen den galaxia-multzo baten barruan dago; guztira 51 galaxia dira. Gainera, gure galaxiaren inguruan, berarekin batera mugitzen diren 23 galaxia-satelite daude; garrantzitsuenak bi hauek dira: Magallanesen hodei handia eta hodei txikia. Galaxia-satelite nano horiez gain, beste egitura batzuez osatua dago gure galaxiaren ingurunea: abiadura handiko hodeiak (HVC) eta abiadura ertaineko hodeiak (IVC).

Talde Lokalak Virgoren galaxia-kumulu handiaren inguruan orbitatzen du, eta bi horiek, beste ehun galaxia-kumulurekin batera, Supermultzo Lokala osatzen dute.